XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Honantxe gaur eta bihar, aita etxe ondoko tontortxoan beti semearen zain.

A nahigabea!

Eta heldu zan, halako baten, egun hori.

Hor dator seme galdua, errukia emoteko eran.

Zer zan ha!

Zikin, argal, trauskil, errukarri.

Aitaren bihotza dardaraka hasi zan, gora-goraka, pozaren pozez lehertu beharrean, zoratu beharrean.

Semea besartean hartu, laztanez bete bihotz ondoan, eta negar sotinka, estu-estu, ito beharrean erabili ondoren, une haretako pozari eutsi ezinik, aginduak emoten hasi zan.

-Joan eta ekarri bizkor soinekorik onenak, oinetakoak, eraztuna, seme lez jantzi; hil kortako zekor gizena.

Deitu musikalariai, adiskideai, auzokoai; jai handi bat egin behar dogu etxean, nire seme hau hilda egoan eta biztu egin da eta; galduta egoan eta aurkitua izan da eta.

Holantxe, diño Jesusek, zeruan ere jai handi bat egindo da pekatari bat onbideratzen dan bakotxean.

Aitak ez deutso hasarrerik egin, ez deutso zigorrik ezarri; ez deutso itandu nondik nora ibili dan, nogaz eralgi dituan etxetik eroandako diruak...

Zer da semearen trabeskeria hori semea barriro etxean eukitearen ondoan!

Semea bizirik dago eta horixe da dana; beste guztiak joanak dira.

Semea, semea da nire bihotz zatia, nire ondasuna!

Zer deritxazue?

-Ba, aita hori, Jesusek diñoan lez, zeruko Aita da.

Zeruko Aita!

Jaungoikoa!

Holantxe hartzen dau gure zeruko Aitak bere oinetara doan pekataria.

Holakoxe harrera bigun, gozo, maitekor, pozgarri egiten deutso pekatariari.